XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiru mota hauek ez dute inoiz elkarrekin kontraesanean egon behar.

Baina batetik eratortzen diren ondorio eta betebehar guzti-guztiak ez dira eratortzen besteetatik.

Errebelazioak eskatzen duen guztia ez du eskatzen lege naturalak, eta honek eskatzen duen guztia ere ez du eskatzen gizarte-lege soilak: horregatik oso inportantea da bereiztea zer den konbentzio hauen ondorio eta zer gizonen arteko hitzarmen, gizonen arteko harremanetan lege-esparru batzuen barruan joka daitekeelako, Izaki gorenaren eskuhartze bereziaren premiarik gabe.

Beraz, zalantza-izpirik gabe esan daiteke bertute politikoaren ideia aldakorra dela; bertute naturalarena beti izango litzateke gardena eta nabarmena, baldin eta gizonen inozokeria eta grinek ilunduko ez balute; bertute erlijiosoarena beti bat eta bera da, Jaungoikoak errebelatu eta berak zaintzen duelako.

Hutsegitea izango litzateke, beraz, hemen hitz egiten ari denari konbentzio sozialak eta hauen ondorioak leporatzea, eta lege naturalaren edota errebelazioaren kontrako irizpideak, ez baita hauei buruz mintzo.

Hutsegitea litzateke, gerra-estatuaz gizarte-estatuaz baino lehenago hitz egiten denean, norbaitek zentzu hobbestarrean hartuko balu, aurretiko erantzukizun eta betebeharrik ez balitz bezala, konturatu gabe gerra giza natura ustelduaren eta zigorrik ezaren ondorioa dela.

Hutsegitea litzateke gizarte-hitzarmenaren ondorioak aztertzen dituen idazle bati delitua egoztea, ez onartzea hauek hitzarmenaren beraren aurretikoak direla.

Justizia jainkotiarra eta naturala aldaezinak eta iraunkorrak dira berez, bi objektu berberen arteko harremana beti berbera baita; baina giza justizia, politikoa alegia, ekintzen eta gizartearen egoera aldakorren harreman soila delarik, aldagarria da, ekintza hura gizarte horri beharrezkoa edo komenigarria bihur dakiokeen heinean, eta ezingo da ondo neurtu ekintza hori giza harremanen hari nahasi eta aldakorrak ikertu gabe.